FERMIN MUGURUZA EUSKAL HERRIA JAMAICA CLASH

FERMIN MUGURUZA EUSKAL HERRIA JAMAIKA CLASH

“EUSKAL HERRIA JAMAIKA CLASH”
TXURI BELTZEN ARTEKO TOPAKETA

 

Beltz: Kaixo Txuri. Zer moduz? Egun ederra gaurkoa, ezta? 
Zeru urdina, tenperatura goxoa, eta eguzkia indartsu.

Txuri: Ez pentsa. Bero honek akabatuko nau.

Beltz: Eguzkipean reggae musika entzuteko aparteko eguna da gaurkoa.

Txuri: Reggaea aipatzen duzula, entzun al duzu Fermin Muguruzaren disko berria? 

Beltz: Kanturen bat entzun dut, bai. 

Txuri: A ze kaka ematen ari diren diskoarekin! Ez dakit zein multinazionalarekin grabatu duen, baina, a ze kanpaina egiten ari diren.

Beltza: Ba, nik dakidala, diskoa auto-ekoizpena da. Talka izeneko zigilua sortu dute horretarako, eta Fermin da, lagun batzuekin batera, diskoaren promozioaz eta gainontzeko gauza guztietaz arduratzen dena. Urteetako esperientzia nabari zaio, eta proiektu berri bat aurrera atera aurretik, buruari buelta asko ematen dizkiola argi dago. 

 

Komunikabideak aipatu dituzula, ziur estatu mailako komunikabide gehienetan (handienetan bai, behintzat) ez diotela inongo jaramonik egingo, eta egitekotan, kontrako gauzak esateko izango da. Zentsura politikoaren atzaparrak behatz luzeak ditu, lagun. 

Txuri: Baliteke. Dena den, nahiko showman-a dela iruditzen zait. Nori bururatzen zaio, euskalduna izanda, Jamaikara disko bat grabatzera joatea? Jamaikako produktore, abeslari eta musikari ezagunekin lan egin, eta gainera, dokumentala grabatu. 

Zuk badakizu reggae zaletu amorratua naizela, eta diskoko pare bat kantu gainetik entzun eta gero, ez dut uste beste munduko diskoa denik. Tuff Gong, Rita Marley. Nik uste, Bob Marley-ren ospeari etekina atera nahi izan diola. Lau lagunekin elkartu, jamaikar musikari batzuei lau sosa ordaindu, eta egun batzuetako oporretaz gozatu. Argazki batzuk atera, eta kitto.

Beltz: Erraza da horrelakoak esatea. Baina zer dakizu zuk diskoaren grabaketari buruz, edota jamaikarrekin izandako harremanaz? 

Hobe zenuke, hitz egin aurretik informazioa jasotzea. Zergatik ez diozu diskoaren aberastasunari erreparatzen? Ez al duzu ikusten, milaka kilometrora dauden kulturen arteko zubi lanak egiten dituela diskoak? 

Disko honi esker jende askok Jamaikari buruz gauza berriak ezagutuko ditu. Luciano izena, opera abeslariarekin erlazionatzen dutenek, gaur egun, reggae musikan dagoen ahots ederrenetakoa ezagutzeko aukera izango dute, adibidez . 

Fermin Muguruza U-Roy reggae abeslari beteranoarekin.

Zer dakigu Jamaikari buruz? Zer dakigu, benetan, jamaikarrei eta jamaikar kulturari buruz? Eta jamaikarrek? Zer dakite haiek Euskal Herriari buruz? 

Disko honekin, ezjakintasun horri aurre egiteko bidean, pauso txikia (edo handia) eman da.

Txuri: Beltza, zuk beti horren positibo.

Aritz Sound System